1958ko azaroan Etxebizitza Ministeritzak dekretu bat argitaratu zuen zeinetan Bilboko hiriari 4000 etxebizitzako kuota bat esleitu zitzaion eraikin klandestinoen (40.000 pertsona txaboletan bizi ziren) eta berrakuraren arazoak (100.000 berrakura baino gehiago) ebazteko.

Hala ere, ez zen beranduago arte aplikatu. 1959ko maiatzaren 27an Bizkaiko Gizarte-Larrialdi Plana dekretatu zen, bost urtetan Otxarkoagako poligonoaren proiektuaren barne 50.000 etxebizitza eraikitzeko asmoz.

EHAEO-ko Bizkaiako delegazioak hamabi arkitekto gazte proposatu zituen: Pedro eta Javier Ispizua, Domingo Martín Enciso, Rufino Basañez, Julián Larrea, Esteban Argarate, Antonino Zalvide, Martín de la Torre, Javier Aristegui, José Antonio Cirion, Luis Saloña eta Juan Madariaga beteranoa. Arkitektu hauetaz gain Etxebizitza Ministeritzako Luis Ganak eta Javier Sada de Quintok ere esku hartu zuten.

Otxarkoagan (Begoña) kokatzearen erabakia Etxebizitza Ministeritzaren buruzagiek, hainbat arrazoirengatik hartu zuten: 

Batetik aldameneko aranen (Etxebarri, Galdakao eta Basauri) industrializazio goraldiagatik. Bestetik, inguruaren ezaugarri fisikoegatik: haizeteengandik babestutako eta hirigunean kokaturiko paisaia-eremu orlegi eta eguzkitsu bat zen, kerik gabekoa, eta Begoñan Bilbora sartzeko sortutako sarrera berritik gertu zegoen. Agintariek eremuak eskein zezakeen lorategi-hiri izaera ere nabarmendu zituzten.

Proiektua lur mugimendu urria eginez burutu zen, hego-mendera orientaziotatuz. Hiri antolamenduan orientazioa kontuan hartu zen, ahalik eta ikuspegi zuzen eta zabalena izateko asmoz. Horrela, eraikin osagarrientzat espazio librea utzi zen eguzki argi gehiago jaso zezaten eta espazio publikoa atseginagoa egiteko lorategiak sortuz.

Proiektuak 3.672 babesturiko etxebizitza planteatzen zituen 18.600 pertsonarentzako. Proiektua honako eraikin motez osatuta zegoen: 4 etxebizitza gune (bakoitza 4.800 bizilagunekoa), bulegoen gune nagusi bat, merkatalgune bat, ekitaldi areto bat eta parrokia bat. Eraikin osagarrien multzoan 3 merkatalgune, 3 eskola, 2 eliza eta hainbat haurtzaindegi diseinatu ziren.

Etxebizitza bloke linealak (102) eta dorreak (8) eraiki ziren eta topografiaren arabera kokatu ziren. Kale nagusian Gizarte-etxea kale nagusian kokatzen zen eta bertatik abiatzen ziren komunikazio ardatz nagusiak. Eremuaren maila aldaketa handiaren ondorioz, eustormetak eta eskailerak erabiliz urbanizatu behar izan zen auzoa. Hiru premisa erabili ziren hirigintzari dagokionez: lurraldearekiko moldaketa, orientazioa eta etxebizitzen arteko ahalik eta tarte handiena. Etxebizitzen tipologia topografiak eta Etxebizitza Institutu Nazionalak baldintzatu zuten. EIN-ak etxebizitzen azalera zein hauen distribuzioa zehaztu zituen. 3 logelatako etxebizitzak nagusitu ziren, komun, eta sukalde-jangela-egongela zutenak; horrela garaiko batazbesteko 5 edo 6 pertsonako familia ereduari erantzuten zieten. Fatxadek ageriko adreiluz eraiki ziren eta sartu-irtenik gabe. 

Eraikuntza sistema berritzaile bat erabili zen, patente frantsez baten eskutik aurrefabrikatutako sistema astun bat erabili baitzen, Fiorio sistema.

Poligonoaren obra hainbat arkitektu talderen artean banatu zen arazoak gutxituz, ekonomizatuz eta proiektuaren amaiera arinduz, hau da, Etxebizitza Ministeritzaren premisak betez.

Otxarkoagak Bilbora hirigintza eredu berri bat ekarri zuen, etxebizitza-poligonoen garapenaren bitartez ulertzeko modu bat. Hau da, milaka etxebizitza hiri bilbetik kanpo, tipologia soil batez, izan ere, proiektua esperientzia laborategi bat bihurtu zen eraikuntza aurrefabrikatu sistemak erabiliz eta material berritzaileak ekarriz. Ekimen publikoaz Bilbon egindako azken jarduera handia izateaz gain, Otxarkoaga lehen etxebizitza poligonoa izan zen. Gerora Begoñako eremuan beste bi poligono eraiki ziren, Begoñako zabalgunea eta Txurdinaga.